Nire lehen praktikak. Nire lehen esperientzia irakasle bezala. Nire lehen mantala…
Gure lehen esperientzia bizitzen ari gara egun hauetan irakasle bezala. Askok, beldur handiarekin hasiko genuen abentura hau eta oraindik batzuetan beldurra sentituko dugu hainbat egoera berrien aurrean. Hori baitakar pertsonekin lan egiteak, egun guztiak desberdinak izan daitezkeela. Horregatik, nahiz eta askotan uste dugun jada dena ikusi dugula, beti topa gaitezke zerbait berriarekin. Honek beldurra sor dezake guregan baina egun bakoitza berezia izatea egiten du.
Marrazkian zein egoera islatu pentsatzen jarri nintzenean, dudak baino ez zitzaizkidan burura etorri. Milaka dira klasean bizi ditugun egoerak eta bat bera ez da bestea baino garrantzitsuagoa. Baina azkenean “Ulises” egiten dugun momentua marraztu nuen.
Egunero ekintza honekin hasten dugu eguna. Egoera asko bizi ditugu egunero eta hau ez da beste batzuk baino garrantzitsuagoa, baina nik bakarrik, andereño bezala egin nuen lehen lana da. Lehenengo egunetan Josunek egiteko aukera eman zidan eta agian horregatik niretzat momentu honek xarma berezia du. Esan dudan bezala egunero lehen orduan egiten dugun zerbait da eta marrazkian bezala kokatzen gara: arduraduna, Josune eta ni zutik eta beste haur guztiak lurrean eserita guri begira. Andereñoak fitxak erakusten dizkien bitartean, atzean dauden esaldiak irakurtzen ditu (zeinak fitxan ikusten den irudiaren inguruko informazioa ematen duen). Beraiek adi-adi entzun behar dute.
Praktika hauek hainbat sentimendu sortu ditu niregan: beldurra, poza, maitasuna eta pena (geroz eta gehiago). Haurrak oso tratu ona dute nirekin. Nire gelako pareta estaltzeko adina marrazkia egin dizkidate. Eta nik ere asko maite ditut eurak. Batzuetan lortu dute ni urduri jartzea baina lasaitzea lortzen dut eta egoera zailetan aurrera egitea lortu dut. Konturatu naiz pertsonekin lan egitea ez dela erraza, bakoitza oso desberdina delako eta ezin delako denekin berdin jokatu. Zaila da ahur bakoitza ezagutzea, bakoitzaren izaera eta egoera oso desberdina delako. Baina bere alde ona ere badauka: haur bakoitzak ematen didan besarkada bakoitzak nire lana zoragarria dela konturatzeko balio didalako.
Esperientzia hau oso baliagarria izango zaigula argi daukat. Ikasteko baliogarriena praktika dela pentsatzen dut. Klasean ikasten dugun teoria egoera desberdinetan nola jokatu jakiteko erabilgarria da. Baina egoera horiek pertsonalki bizitzen ez baditugu ez dugu jakingo nola aplikatu teoria errealitatean. Gainera teoria normalean oso orokorra da eta ez du kontutan hartzen haur bakoitzaren egoera.
Asko eskertzen dut praktikak egiteko aukera eman izana, Konturatzen bainaiz, karrera amaitu eta lanean sartzean oso zaila egingo zitzaigula. Horrela benetan andereño izateko momentua iristen zaigunean, egoerari aurre egiten jakingo dugu.
Irakaslea izatea erabaki nuenean hanka sartu ez nuela konturatzeko balio izan dit esperientzia honek. Zein zoragarria den konturatzeko. Haurrekin lan egitea zeinen aberasgarria den konturatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario