Páginas

lunes, 31 de octubre de 2011

URRIAK 28, OSTIRALA

Berandu baina lortu dut tartetxo bat ateratzea nire egunerokoa osatzeko.

Ostirala praktikatan gauden lehenengo asteko azken egun izan zen. Haurrak nahiko aztoratuta eta berritsu zeuden, zaila egin zitzaigun hauek eserita eta lanean aritzea.
           
Egun honetan “Ulises” proiektuaren beste jarduera bat landu genuen. Oraingoan ariketaren helburua lateralitatea lantzea zen. Haurrak eskuina eta ezkerra lantzeko egiten dute ariketa hau. Gelako alde bateko paretan kolore berdea duen txartel bat dago, beste aldean txartel gorri bat. Haurrak binaka lurrean jartzen dira buruz gora eta luze-luze eginda. Lurrean etzateko postura aldatu egiten dute modu desberdinetan etzanez baina gaurkoan hori tokatu zen. Horrela etzanda zeudela irakasleak berdea edo gorria esaten zien eta haurrak kolore hori zegoen alderantz biratu behar ziren. Horrela bi kolore horietako bakoitza eskuinarekin eta ezkerrarekin erlazionatzen dute (adibidez, berde kolorea ezkerrarekin eta gorria eskuinarekin).

Arratsaldean, ingelesa izan genuen egunero bezala. Ostirala zenez haurrek ariketak egiten zituzten bitartean ingeleseko irakasleak eta nik euren karpetak prestatzen genituen gero etxera eraman zitzaten. Klase hau bukatu zenean, irakasleak mesedez eskatu eskatu zidan beste ondoko klasekoekin berdina egiten laguntzeko, hau da euren karpetak prestatzen laguntzeko. Beraz arratsalde horretan bi klaseko haurrekin egon nintzen ingelesean.
            
Ostirala eta gero lau eguneko asteburu bat genuen zain. Jada bi egun pasa dira eta beste bi geratzen zaizkigu baina ni behintzat desiratzen nago asteazkena iritsi eta klasera joateko.


Bigarren astea hasteko zain…

HAURRA NINTZENEKO UNEAK OROITUZ

Haurrekin lanean ari garela, ni ere nire Haur Hezkuntzako garaietara itzuli  eta hauetan pentsatzen jarri naiz. Aurretik beste sarrera batean esan nuen bezala, nik uste nire eskolako oroitzapenak nahiko onak direla. Nahiko pertsona itxia nintzen baina ala ere, lagunekin harreman ona nuen eta horrek eskolara pozik joatea eragiten zuen. Nik uste horren ondo pasatzearen arrazoia, klasean genuen giro ona dela. Denon artean oso ondo pasatzen genuen. Batzuetan bihurrikeri batzuk egiten genituen, baina orokorrean irakasle guztiak gutaz oso iritzi ona zuten . 


Guzti honekin nire esperientzia on batean eta esperientzia txar batean pentsatzen jarri naiz. Esperientzi onak asko dira eta txarrak ere. Gezurra badirudi ere, errazago egiten zait egoera txarrez oroitzea.

Hasteko gaizki sentitzea egin zidan egoera kontatuko dut. Hau galdetzen didaten bitartean beti egoera berdina kontatzen dut, beti berdina etortzen zait burura. Hau zerbaitegatik izango da. Momentu horretan, nahiz eta tontakeri bat izan, oso gaizki sentitu nintzen, batez ere ez ninduelako inork ez lagundu.

Bost urte inguru nituela, eskolara jostailu bat eraman nuen. Jostailu txiki bat baino ez zen, baina gurasoek oparitutakoa zenez oso gustuko nuen. Jolas orduan jostailuarekin atera nintzen patiora harekin jolasteko asmoz. Momentu batean, beste zerbait egitea nindoala, txamarrako poltsikoan utzi nuen gordeta. Denbora batez futbolean aritu nintzen eta jolas garaiaren amaieran, txamarra hartzera joan nintzenean, jostailua ez zegoen bertan. Momentu horretan asko larritu nintzen. Banekien bertan utzi nuela eta jada ez zegoen han. Lagunei esan nienean segituan esan zidan baten batek, nire klase-kide bat ikusi zuela nire txamarraren inguruan. Momentuan ez nuen dudarik egin. Nire klaseko ume hori beti liskar guztietan zegoen sartuta, eta hari bota nion erru guztia bi aldiz pentsatu gabe. Agian ez zen bera izan edo berak behintzat hor esaten zuen baina okerren sentiarazi zidana irakasleari esan nionean izan zen.


Jostailua lapurtu zidatela konturatu ondoren, andereñoari estera joan nintzaion. Bost urteko haur bat nintzen eta normalena andereñoari esatea iruditzen zait. Irakasleak nitaz paso egin zuen guztiz. Uler dezaket berak arazoa nik neuk konpondu nahi izatea, baina hitz egin zidan modua ez dut uste egokia izan zenik. Aurretik esan dudan bezala, ez zait horren arraroa egiten  haur batek irakasleari laguntza eskatzea, horregatik ez zait normala iruditzen, berak nola egin zuen nitaz paso eta nola esan, oso modu gogorrean, hori nire arazoa zela eta nik konpondu behar nuela. Oso gaizki sentiarazi zidan. Oso triste nengoen gurasoek oparitutako jostailua desagertu zelako eta andereñoren erantzunak guztiz hondoratu zidan.


Hau da haurra nintzeneko nire esperientzia txarra. Esan dudan bezala uler dezaket irakasleak arazoak neure kabuz konpontzen ikastea nahi izatea. Baina adin horretako haurrari gauzak beste era batean ulertarazi behar zaizkio, bere adinerako azalpen ulergarriak emanez. Bere erantzunarekin lortu zuen bakarra ni gaizki sentiaraztea izan zen eta jostailurik gabe geratzea.

Oroitzapen txarrak alde batera utzita, honetan pentsatzen jarriko naiz. Oroitzapen onak hasieran esan dudan bezala asko dira baina ez dut egoera konkretu bat gogoratzen. Saiatu naiz gogoratzen eta gurasoei ere laguntza eskatu diet baina ez dugu lortu. Hau dela eta ni re haurtzaroko momentu gustukoena kontatuko dizuet. Egun asko irauten zituen eta horren ondo pasatzea eragiten zidanaren zergatia azalduko dizuet.


Oroitzape on hori igerilekura igerian ikastera joaten ginekoa da. Urtean behin hilabete batez gutxi gorabehera igerilekura joaten ginen kurtsokoak igerian ikastera. Klaseka joaten ginen ordu desberdinetan. Klasetik taldean joaten ginen edota lehenengo orduan bazen, gurasoek eramaten ziguten. Hara iristerakoan, bainujantzia jartzen genuen eta martxan jartzen ginen. Oraindik oroitzen dut igerileku horretan egiten duen bero goxoa eta dagoen usaina.

Bi irakasle zeuden guri igerian erakusteko prest. Hasieran askok ez zekiten igerian, beste batzuk eskolaz kanpo joaten ginen igerilekura eta zerbait egiten bagenekien. Gogoratzen dut nola genuen espumazko karratutxoez osatutako flotagailua, igerian egitea errazten ziguna. Honetaz gain material berdinez egindako taula bat ere bagenuen eta bertan helduta egiten genuen igeri.

Ariketa desberdinak egiten genituen, igeri egiteko era desberdinak ikasteko: braza, bizkarrez, mariposa, … Baina momentu onena amaieran zetorren, guztioi gustatzen zitzaigun momentua, “alfonbrara” jolasten ginen unea. Irakasleek alfonbra zabaltzen zuten uretan eta guk, ikasleok, alfonbraren gainetik egin behar genuen korrika ez erortzen saiatuz. Oso dibertigarria zen eta oso ondo pasatzen genuen bakoitzak oreka nola mantentzen zuen saiatuz. Hasieran segituen erortzen ginen uretara baina denborarekin geroz eta gehiago mantentzen ginen alfonbra gainean. Hau izan da betidanik nire jolas gustukoena.

Agian askok, esperientzia hau, txar bezala gogoratuko dute ona beharrean. Bazegoen urari beldur handia zion jendea eta asko kostatu izan zitzaiona igerian ikastea. Baina niri, aitak askotan gogorarazten didanez, betidanik gustatu izan zait uretan ibiltzea. Oso txikia nintzenetik uretara botatzen nintzen pentsatu gabe, igerian jakin gabe eta amari oso gaizki pasaraziz. Gaur egun oraindik, oso gustuko dut uretan ibiltzea, nahiz eta ez naizen asko joaten igerilekura. Izugarri lasaitzen dit igeri egiteak eta oso sentsazio ona sortzen dit.

Igeriketa klaseak amaitzen zirenean, oso gustuko nuen beste momentu bat iristen zen. Izeba edo aitona joaten ziren nire bila, eta han polikiroldegian taberna zegoenez jatekoa erosten zidaten. Zoragarria zen igeri egitetik atera goseak amorratzen eta “txokolatezko napolitana”  jatea.

Besterik gabe, hauek dira nire haurtzaroko oroitzapen txarra eta ona. Baliagarria iruditzen zait, denboran atzera egitea eta haurtzaroko esperientzia birgogoratzea. Horrela errazago egingo zaigu haurren lekuan jartzea. Gu ere haur izan gara eta 4 urte izan ditugu eta beraiek bizi ditzaketen esperientziak  bizi izan ditugu. Garrantzitsua da, atzera begira jartzea eta gure irakasleek gaizki sentiarazitako momentuen inguruan hausnartzea. Horrela etorkizunean beraiek egindako akatsez ikasi eta gure ikasleei berdina ez egiteko.

viernes, 28 de octubre de 2011

ESKOLA GARAIAK OROITUZ...



Gaur nire eskola garaira itzuli naiz, eta horren inguruan hausnartzen jarri naiz. Niretzako urte zoragarriak izan ziren. Primeran pasatzen nuen bertan eta beti desiratzen nengoen hara joateko, bertan baitzeuden nire lagunak. Lehenengo eskola uneetan kostatu zitzaidan pixka bat ohitzea, amatxorekin geratu nahi izaten nuen.

Goizean goiz ohetik jaikitzen nintzen salto batez pozaren pozaz, banekien eta eskolara joateko garaia zela.  Eskola, ikasteko leku bat izateaz gain, lagunen topagune ere bazen. Orokorrean jarrera ona genuen baina gureak ere egiten genituen: mahaietan igotzen ginen dantzan egitera, abestiak asmatzen genituen, …

Klasekoen artean oso giro ona genuen, primeran eramaten ginen. Bestea gelakoak elkarren artean liskarrean zeuden bitartean gu jolasean aritzen ginen denok batera. Asko gustatzen zitzaigun denoi futbolean aritzea baita harrapaketatan jolastea ere.


Testu honen hasieran nik egindako marrazkia ikusi dezakezue. Neure burua marraztu dut, gelan, nire mahaian eserita marrazki bat egiten. Egoera hau irudikatzea erabaki dut, nire eskolako momentu gustukoena zelako. Ikaragarri gustuko nuen marrazkiak egitea edozein material motarekin. Imajinazio handiko neska nintzen eta buruan nituen irudiak orri batean islatzea zoragarria zen. Gurasoentzako marrazkiak egiten nituen etxean jartzeko, lagunei euren urtebetetzetan oparitzeko, …

Oraindik oroitzen dut nola 10 urte egin nituen egunean pailazo baten marrazkia egitea eskatu zigutela. Niri primeran atera zitzaidala iruditu zitzaidan, eta hori urte bat zaharrago nintzenaren ondorio zela pentsatu nuen une horretan. Haurren gauzak.

Marrazten nuenean, irudien mundu horretan sartzen nintzen eta horrek asko lasaitzen ninduen. Baina aipatu beharra daukat beti izan naizela nahiko neska urduria eta nahiz eta marrazteak lasaitzen ninduen, beti iristen zen une bat non ezin nintzen geldi egon eta nire eserlekutik altxatzen nintzen.

Hasieran aipatu dudan bezala, eskolako oso oroitzapen onak dauzkat. Baina, nola ez, bereziki gogoratzen ditudan momentuak, kideen urteak ospatzen genituenetakoa da. Hiru hilabetetik behin, hilabete horietan urteak betetako haurren ospakizuna egiten genuen. Lehenengo txokolatada erraldoi bat prestatzen genuen, eta jatekoaz egun hartako protagonistak arduratzen ziren. Janari asko pilatzen zen eta klasetik bete- beteta ateratzen ginen. Gero andereñok musika jartzen zigun, askotan guk klasera eramandako musika. Denetik entzuten genuen. Eta jarraian zoramena zetorren: dantza egitea gustuko genuenak, leiho alboetan zeuden mahaietara igotzen ginen, horrela une horretan kalean zegoen jendeak ikusteko. Zoragarri pasatzen genuen!!!!!

Hau da nire eskola garaiaz oroitzen dudana. Urte horietan primeran pasatu nuen. Askotan pentsatzen dut zoragarria litzatekela berriz ere garai haietara bueltatzea. Baina orain ere oso gustura nago. Beste esperientzia batean murgilduta gaude eta hemendik urte batzuetara, garai hauek ere ilusio handiz gogoratuko ditut. Orain nire lana haurren eskolako garaia ahaztezina eginaraztea da irakasle bezala.  



jueves, 27 de octubre de 2011

URRIAK 27, OSTEGUNA

3 egun gutxiago...


Iada hiru egun egin ditugu praktiketatan. Egunero gusturago nago eta haurrek ere geroz eta konfidantza gehiago dute nirekin. 


Gaurko eguna aurreko bien nahiko antzeko izan da. Egunero badaude oinarrizkoak diren eginbehar batzuk aurretik blogean aipatu dudan bezala. Baina gaur psikomotrizitaeta izan dugu lehen aldiz. 


Atentzioa deitu dit psikomotrizitate klase hau ez dela aurretik, klasean, ikusi ditugunen berdinak. Adibidez , beste gauza batzuen artean,  ez dute blokez egindako eraikuntza bat botatzen. 

Lehen orduan, hau da bederatzietan, psikomotrizitateko irakaslea klasera etorri da haurren bila eta denok batera joan gara gimnasiora.  Gero, behin han geundela, haurrei baloiak banatu dizkie eta hauekin ariketa batzuk egin dituzte. Jarraian zirkuitu bat prestatu die material desberdinekin eta bi aldiz errepikatu dute. Amaitzeko "sagu txiki" jolasera jolastu gara. Umeak oso entretenituta egon dira klase honetan, agerikoa da gustuko dutela.

Honetaz gain, "Ulises" proiektuan  sartzen den beste jarduera bat landu dugu gaur. Irakasleak lurrean, irudiz osatutako panel bat jarri du. Haurrek une batez irudiak behatu eta irakasleak panela kentzean, bertan zeuden irudiak aipatu behar zituzten, beti behatu eta identifikatu lemarekin. Bigarren ariketan, irakasleak pieza batzuez osatutako irudi bat erakutsi die eta haurretako bati pieza horiek eman dizkio, irudia errepika zezan. Ikasleak oso ondo pasatzen dute "Ulises" osatzen duten jarduerekin, oso dibertigarria egiten zaie eta oso adi egoten dira, nahiz eta beti dagoen "reboltosoren" bat.


Iada bihar ostirala da eta asteburu luze bat dugu zain, denok deskantsatu ahal izateko.

miércoles, 26 de octubre de 2011

NIRE LEHEN LANA!!!!!!!

Gaurkoan ere egunero bezala Ulises egin dugu. Hau goiz eta arratsaldetan egiten dugu, bakoitzean gai desberdin bat. Gaurkoan, andereño Josunek aukera eman dit Ulises nik egiteko eta bi aldiz pentsatu gabe baietz esan diot.

Barazkien gaia tokatu zait eta bakoitzaren irudia erakusten nien bitartean, zegokion barazkiaren izena esan behar nuen euskaraz eta gaztelaniaz (gero pixkanaka datu gehiago sartzen joaten dira).
            
Amaitu dudanean haurrek txalo egin didate,ondo egin dudanaren seinale, eta horrela berriz ere aukera dudanean animatuta sentituko naiz.
           
Orain arte klasean presente egon naiz eta txokoetan zeuden bitartean nik ere ariketekin laguntzen nien, baina lehenengo aldia izan da gela guztia niri begira adi-adi izan dudana. Hasiera batean, irakasleak nik egiteko proposatu didanean urduri jarri naiz, baina horrelakoetan ausarta izan behar, niretzat berriak diren gauzei aurre eginez bidez ikasteko. 

ULISES PROIEKTUA


Lehen egunaren azalpena eman dudanean ez dut aipatu atal hau. Lehen orduan, arduradunak bere eginbeharrak egin eta gero Ulises egiten dute. Aurretik entzun izan dugu zerbait proiektu honen inguruan eta egia esan niri atentzioa gehien deitu didana izan da, aurretik sekula ikusi gabe nengoelako. Zertan datzan ez dakitenentzat argibide txiki bat emango dut. 

Ulises proiektuaren helburu nagusia    haurren neuronak garatzea da, baina honetaz gain, umeei sakoneko eduki  kognitibo batzuk sortzea ere du helburu.

Hau lantzeko helburuarekin, irakasleak txartel batzuk dauzka, bakoitza irudi batekin. Normalean irudiak gaika sailkatuta daude eta gai bakoitza 8 edo 10 irudiz osatua dago. Irakasleak egunean bitan, irudi horiek erakusten dizkie ikasleei, oinarrizko datu batzuk esaten dizkien bitartean. Esaterako, koadro baten irudia bada, zein den bere izena, zein urtetakoa den eta horrelakoak esaten dizkie. Garrantzitsua da haurrek irudia ikusten duten bitartean adi egotea eta ez hitzik egitea. Horregatik  irakasleak geratu gabe esaten dizkie datuak, hitz egiteko aukerarik eman gabe.
            
Egia esan, oraindik ez naiz gai proiektu hau egokia denaren inguruan iritzia emateko, bitan bakarrik ikusi dut eta. Baina bai esan dezaket haurrak irudi bakoitzaren izen eta datuak memorizatzen dituztela kasu gehienetan, eta honetaz gain, desiratzen egoten direla “Ulises”-en momentua iristeko

URRIAK 26, ASTEAZKENA


Gaurko eguna lehengoaren antzeko hasi da, desberdintasun bakarra: ni urduri egon beharrean klasean sartzeko irrikan nengoela. Oinarrizko jarduerak lehenengo eguneko berak izan dira gaurkoan ere: arduraduna aukeratu, txokoetan lan egin goizean eta arratsaldean, … Beraz dena errepikatu beharrean, aurreko egunarekin konparatuz egindako jarduera desberdinak aipatuko ditut.

Honekin hasi aurretik esan nahi nola aurrekoan ahaztu egin zitzaidan aipatzea goizero, lehen orduan, Ulises egiten dutela. Askori hau ezezaguna egingo zaio eta horregatik beste sarrera batean termino edo proiektu hau zertan datzan azaltzen saiatuko naiz.

Hau argituta gaurko ekintzak azaltzera ekingo diot. Klaseko lehen orduan, orain lantzen ari garen gaiarekin zerikusia duen ipuina jarri die andereño Josunek ordenagailuan. “Etxea” lantzen ari garenez, gaurkoan tokatzen zen ipuina “Zazpi antxumeak” zen.

Gaurkoan egin dugun bigarren ekintza, “HARA” proiektuaren lehen ariketa izan da. Ariketa haur “Hazkura dut sudurrean” izenekoa da eta sudurraren kontzientzia hartzeko egiten da. Lehendabizi paper zati txiki bat banatu eta denok zintz egin dugu, sudurrak garbi-garbi izateko. Gero, ariketari hasiera emateko arnasa hatu dugu sudurretik eta ahotik bota dugu eskura; horrela arnasketaren kontzientzia hartzeko. Bigarren pausoa sudurra margotzea izan da kolore desberdinez eta bakoitza ondokoarekin “eskimal muxua” ematea. Honekin primeran pasa dute haurrak. Amaitzeko eta aldi berean haurrak lasaitzeko, lurrean etzan gara buruz gora eta eskuak sabelean jarrita, arnasa sudurretik eta ahotik bota dugu, andereñok jarrita abesti lasaia entzuten genuen bitartean.
            
Hau izan da bigarren eguna. Ni geroz eta gusturago nago eta haurrek ere geroz eta konfiantza gehiago dute, nahiz eta batzuetan andereño “berriaz” aprobetxatzen diren, andereño Josunek uzten ez dizkien gauzak eginez. 

martes, 25 de octubre de 2011

IRAKASLE TALDE ZORAGARRIA!!!!!!

Hasiera batean koordinatzailea eta nire tutora Josune baino ez nituen ezagutzen. Piskanaka-piskanaka, eguna pasatu ahala, La Salle ikastetxeko Haur Hezkuntza osatzen duen talde guztia ezagutu dut

Esan dudan bezala niri egotzi zaidan irakaslea Josune da, haurrak maite dituela nabaria den emakumea. Nirekin hasiera batetik oso jatorra izan da eta asko lagun dit, edozein duda dudala ere bera argitzeko prest dago uneoro. Baina beraz aparte beste bi irakasle ezagutzeko aukera ere izango dut praktika hauetan (beno, egia esan irakaslea asko ezagutuko ditut, baina konkretuki beste birekin egingo dut lan). Ingeleseko asignatura Eukene izeneko irakasleak ematen du, eta arratsaldean ingelesa izan dugunez berarekin lan egiteko aukera izan dut. Haurrei hizkuntza hau abestien bidez irakasten die eta hauek oso ondo pasatzen dute. Honetaz hain, psikomotrizitate klasea ere beste irakasle batek ematen die. Oraindik ez  dut klase hau ikusteko aukera izan, baina bera jolas tartean ezagutu dut eta oso jatorra izan da praktiketan gauden guztiokin.

Hau guztia esanda, eskertu nahi diet irakasle guztiei, aukera eman digutela (guk eskatzeko beharrik izan gabe) klaseak amaitu eta gero hurrengo eguneko materiala prestatzen geratzeko. Hau oso baliagarria izango zaidala argi dut, irakaslearen lana ez baita klasera mugatzen eta horrela aspektu guztiak ezagutu ahal izango ditut.

Beraiei esker, gure bidai hau zoragarria eta aberasgarria izango dela argi daukat.

ANDEREÑO BERRIA KLASEAN!!!!!!!


Goizeko 9etan sartu gara gaur klasean. Irakasle gelara joan gara eta bertan zegoen Haur Hezkuntzako koordinatzailea gure zain, urduri nabaritu omen gaitu, segituan saiatu baita gu lasaitzen.
           
Bigarren pausoa nire gelara joatea izan da. Bertan zegoen jada nire zain gelako tutora, Josune, eta haur gehienak ere bertan zeuden. Beraz mantala jarri eta “ANIMO!!!” esan diot neure buruari.

Denek harridura aurpegiarekin begiratzen ninduten, irakasleak denbora batean beste andereño bat izango zutela argitzen zien bitartean. Nik ere beldur aurpegi berarekin begiratzen niela iruditu zait. Klaseari hasiera emateko gaurko eguneko arduraduna izendatu du Josunek. Bere lanen artean ondorengoak aipa ditzaket: klasean daudenen eta ez daudenen izenak paretan itsastea, eguneko eguraldia zein den erabaki eta astean falta diren klase egunak eta jada egindakoak egutegiaren azpian jartzea.


Jarraian, ipuina kontatu eta gero, irakasleak txokoetan banatu ditu. Gela hau lau txokoetan banatuta dago eta haur bakoitzak argi dauka zein den dagokiona. Batzuk etxe txokoan daude jolasean, baina beste hiru txokoetakoak dagokien gaia lantzen dute, fitxa batzuk betetzen dituzten bitartean. Gaurkoan gai berri bat hasi dugu: etxea. Txokoetan klaseak amaitu arte egin dugu lan baina tartean ordu erdi inguruko jolas ordua izan dugu. Bertan haurrek harrapaketatan edota soka saltoan aritzeko aukera dute, nahiz eta gaurkoan frontoian egon behar izan dugun, eguraldia ez baikenuen lagun. Klaseak amaitu aurretik orain dagokigun gaia etxea denez, gai horrekin zerikusia duen hiztegia landu dugu. PIIIIIIIII!!!!!! Klaseak amaitu dira. Haurrak sailkatzen dituzte, batzuen bila gurasoak joaten dira, baina beste batzuk autobusaren zain edota jangelara joateko zain geratzen dira.


Arratsaldeko saioa benetan laburra egin zait. Ordu bi erdietan sartu eta hiruretan ingeleseko klasea zuten haurrek beraz ordu erdi horretan ez dugu asko egiteko astirik izan. Ingeleseko klasea eta gero berriz ere txokoetan aritu dira, oraingoan haurrak lekuz aldatzen dira, beraz, goizean txoko bat lantzen dute eta arratsaldean beste bat. Klaseak amaitu baino apur bat lehenengo berriz ere jolas tokira atera gara.


Amaitzean, autobusa hartu behar dutenak ilaran jartzen dira. Aste honetan, arratsaldetan, Josuneri eta niri dagokigu lista pasatzea, autobusa hartzen duten haur guztiak daudela egiaztatzeko, eta gero bertaraino eramatea.


Hau izan da nire lehen eguna. Laburtzen saiatu naiz, baina zaila egiten zait era laburrago batean azaltzea. Nik nahiko urduri hasi dut eguna, baina denbora pasatzen joan den heinean asko lasaitu naiz eta horren eskerrak nire tutora Josuneri eman behar dizkiot, asko lagundu baitit eta oso erraza egin dit eguna. Haurrak ere harridura aurpegiarekin begiratzen zidaten lehen orduan, baina azken ordurako jada lau haur hanketatik zintzilik neuzkan eta honek aurrera jarraitzeko gogo handia ematen du.


Nire lehen egun hau ZORAGARRIA izan da eta desiratzen nago asteazkena iritsi eta berriz ere praktiketara joateko. ANIMO denoi!!!!!!!!!

lunes, 24 de octubre de 2011

PRAKTIKETAKO IKASTETXEA


     


Nire lehen pratikak La Salle-Legazpi ikastetxean egingo ditut. Ikastetxe hau Zumarragan dago kokatuta, Donostiatik 60 km-tara dagoen herri batean. Nahiko ondo kokatuta dago, herriaren erdian eta parean parke handi bat du frontoi eta guzti.
Bertako pedagogia, eurenak diren hezkuntza proiektuetan dago oinarrituta nagusiki, hazkuntza berritzaile bat eskeintzeko asmoz. Esaterako Hara proiektua edota Ulises.
Ikastetxe honetan 0-16 urte bitarteko ikasketak eskeintzen dira: 0-2 urte bitarteko haurtzaindegi zerbitzua dago, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren hezkuntza. 
Honetaz gain bertan autobus eta  jangela zerbitzua ere badute.Besterik gabe, hau da nik praktikak egingo ditudan ikastetxearen deskribapen txiki bat. Nire eguneroko ekintzak kontatzen joaten naizen bitartean, informazio gehiago eskaintzen ere joango naiz.